
Urteroko ohiturari jarraiki, gaur, Maiatzaren 1ean elkartuko dira Añorgako Jolas Etxean hainbat txirrindulari ohi, tartean Errekaldeko Inaxio Esnaola.
Errekaldeko esprinterra
raul perez
Errekaldeko 47. atarian bizi da Inaxio Esnaola. Etxe horretan bertan jaio zen duela 81 urte. Paseoan ibili ohi da etxearen inguruan, bastoia lagun. «Bianchi lantegia besterik ez zegoen garai batean Errekalden, baina orain asko dago», gogora ekarri du.
Gaztetan txirrindularia izan zen Esnaola, bost bat urtez. Bizikletan ibili beste erremediorik ez zuela dio, «motorrik eta kotxerik ez baitzegoen». Gaur egun paseoan ibiltzeko eta lehiatzeko bizikletek ez dute zer ikusirik elkarren artean. Ziklista azkarra zen, hortaz, esprintean ondo moldatzen zen. Antonio eta Juanito anaia zaharrei jarraiki hasi zen bizikletan ibiltzen Esnaola, eta luze jo gabe anaiak atzean utzi zituen. «Haiek goiz samar utzi zuten; bizikletak ametitzen ez duen bidea hartu zutelako».
Garaipen gogoangarriak
Esnaola ere ez zen luzaroan aritu txirrindularitzan; bost bat urtetan hain zuzen ere. Realaren txirrindularitza taldean hasi zen. «Bi anaia oso onak zeuden talde hartan eta nik haiei laguntzen nien». Esnaolak oso present du 1950ean etxean, Donostian, irabazitako Espainiako Txapelketa. Errepidean eta mendian barrena ibili ziren txirrindulariak. Ibilbidea ausartena beldurtzeko modukoa zen. «Monpasetik Kursaalera, handik San Telmora eta Urgullen gora Ingelesen hilerrira; Kontxan zehar ondoren , eta Txantxerrekan gora Aietera. Amaran barrena ere ibili ginen; bi askaldegi baino ez zeuden sasoi hartan Amaran. Amaratik Loiolara abiatu ginen eta Ametzagañako aldapatzarra ere igo behar izan genuen. Helmuga Kursaalean zegoen». Errioxako Itzulia ere irabazi zuen eta Asturiasko proba batean bigarren sailkatu zen. Handia egin zuen egun hartan ere. «Espainiako Vueltaren ondoren izan zen lasterketa hura eta Vueltan parte hartu zuten hainbat txirrindulari atera ziren. Irabazlea ihes eginda helmugaratu zen, eta nik aurrea hartu nion tropelari».
Espainiako Vueltan ibilitakoekin lehiatzerik bai, baina proba horretan egoterik ez. Ezta Tourrean ere. Profesionala izateko aukerarik izan zuen, baina ez zuen behin betiko urratsa eman. «23 urterekin ezkondu eta gurasoei etxean laguntzen hasi nintzaien. Pena izugarriarekin utzi nuen txirrindularitza. Nirekin ibilitako batzuk, Jesus Loroño adibidez, Tourrean izan ziren».
Bizikletan ibiltzeari aspaldi utzi bazion ere, hainbat garaikur gordetzen ditu oraindik gela batean, hautsak janda. Eta txirrindularitza telebistan ikustea gustuko du, oraingo txirrindularitza eta bere garaikoa zeharo ezberdinak badira ere. «Orain 14-15 urteko gaztetxoek entrenatzailea eta abar dituzte. Nire garaian, anaiek ere ez zuten aholkurik ere eman nahi, haiei ez irabazteko».
Gaur, bazkaria
Maiatzaren 1a lagun zaharrak ikusteko eguna izaten da Esnaolarentzat. Ia etxetik atera gabe, gainera. Izan ere, Añorgako Jolas Etxean txirrindulari ohiek bazkaria egin ohi dute. Koadrila handia elkartzen da. Jose Luis Miner ¬Miner bizikleta dendako nagusia¬, Mendiburutarrak... Aurten Periko Matxainen falta sumatuko dute. Txirrindulari eta zuzendari izandakoa joan den urteko azaroan zendu zen. Auzokidea zuen Esnaolak. «Urte berekoak ginen. Jendeak Errenteria-Oreretakoa zela uste zuen, baina Añorga Txikikoa zen».
Bazkarian ondo pasatzen dutela dio Errekaldeko txirrindulari ohiak, «nahiz eta ziklistak ginenean baino gose gutxiago izan!», dio umoretsu.
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.