
Nazioarteko Ingurumenaren Eguna baliatu dute Añorgako Cementos Rezolan ateak ireki eta fabrikaren nondik norakoak azaltzeko. 158 urtez Añorgako parte garrantzitsua izan den fabrikak zementua sortzeaz gain hondakinak erretzeko sistemak baditu ere. Egun 150pertsonak egiten dute lan inguruko herri-lan eta eraikuntza gehienetan erabiltzen den zementua ekoizten.
Rezola: harrobia, errota eta labea
MIKEL GOÑI
Ingurumenaren nazioarteko eguna Baliatu zuen Añorgako Cementos Rezolak enpresako ateak hedabideei irekitzeko; izan ere, porlan fabrikaren arduradunen arabera, ingurumenarekiko begirunea «enpresaren etorkizunerako ezinbesteko balioa baita». Azalpen hauek Jose Maria Etxarri enpresako ohorezko lehendakariak eman ditu.
Jose Maria Rezolak 1850. urtean bihurtu zuen Añorgako irin-errota harri-errota, porlana egiteko fabrikaren oinarria ezarriz. Garai horietan 11 langile zuen lantegiak. Egun, ordea, Donostiako fabrika hau Italcementi taldearen parte da, eta 150 pertsona inguruk egiten dute lan.
Hondakinak erretzeko akordioa
Jose Antonio Nolascok, fabrikako zuzendariak, gidatu ditu ate irekien eguneko ekitaldiak eta baita azalpenak eman ere, «Jaurlaritzarekin borondatezko akordioa daukagu. Itun horren arabera, guk zabortegietan utzi ezin diren gauzak erretzen ditugu gure labean, esaterako pneumatikoak. Horrek gure produkzioa moteltzen du, baina, ingurunearekiko gure konpromisoaren isla da ere».
1850. urtean fabrikan zeuden 11 langileek 1.500 kilo harri produzitzen zuten eguneko. Gaur egun , berriz, 100 kamioi irteten da Añorgako fabrikatik egunero.
Harrobia, errota eta labea
Zementua egiteko prozesua, laburbilduz, hurrengoan datza; harri egokiak xehetu, sorturiko harri koskorrak labean sartu eta hortik irtetean beste igeltso eta abarrekoekin nahastean sortzen da porlana. Rezolak erabiltzen dituen harri motak kare-harria eta marga dira. Lehena Andoandik ekartzen dute. Marga berriz, Añorgan bertan dagoen harrobitik.
Arazoak arazo...
Aurreko prozesuak, baina, bi arazo nagusi sortzen ditu; batetik labeak sortzen dituen ke eta hondakinak, bestetik, prozesu osoak sortzen duen hautsa. Horren aurrean, Jose Maria Etxarrik zera argudiatzen du, «Rezola da, gure alorrean, Ingurumenarekiko kudeaketa egokia ziurtatzen duen ISO 14001 agiria jaso zuen lehengo enpresa». Hautsari buruz, berriz, Nolascok enpresa osoa estaltzeko, gutxika, egiten ari diren lanak aipatu ditu horren irtenbide gisa.
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.